Euskal Selekzioaren aldeko giza katea.

Euskal Selekzioaren aldeko giza katea.

Aukeratu zure maila:






Albiste sinplea, A1 mailarako

Euskal Selekzioaren aldeko giza katea egingo dute Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian. Uztailaren 14an izango da. Frantziarren besta nazionala da egun horretan. Horregatik egingo dute giza katea.

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mobilizazioak egin dituzte Euskal Herriko leku askotan. Orain, mugaldeko mobilizazioa egingo dute. Giza katea 17:00etan hasiko da. Jendea parte hartzera gonbidatu dute. Euskal Selekzioaren ikurrak eta elastikoak eramateko eskatu dute.

Mobilizazioaren helburua hau da: munduari erakustea hemen herri bat dagoela. Herri honek zazpi lurralde ditu, hizkuntza propioa du eta kultura propioa du.

Euskal gizartearen gehiengoak Euskal Selekzioaren ofizialtasuna nahi du. Bada garaia hori lortzeko.

Albiste erraza, A2 mailarako

Euskal Selekzioaren aldeko giza katea egingo dute uztailaren 14an. Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian izango da. “Gure Herria, Gure Koloreak, Gure Selekzioa” lelopean antolatu dute. Munduko Futbol Txapelketaren testuinguruan Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mobilizazioak antolatu dituzte asteotan.

Mugaldeko mobilizazioa ekimen horiei jarraipena emateko asmoz deitu dute. Uztailaren 14a frantziarren besta nazionala da. Giza katea Avenida Zubian (oinezkoen zubian) luzatuko dute 17:00etan. Jendarteari parte hartzeko deia luzatu diote, “euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko”. Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin hurbiltzeko eskatu dute.

Mundu osora zabaldu nahi dute hemen, mugaz gaindi, zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela. Hizkuntza eta kultura propioa duena, bere buruaz harro dagoena. Eragileek diotenez, “bada garaia euskal gizartearen gehiengo zabal baten nahia errespetatzeko”. Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde indarrak eta atxikimenduak batzeko eta oztopo, inposizio zein debekuen gainetik jauzi bat emateko.

B1 mailarako egokitutako berria

Euskal Selekzioaren aldeko giza katea egingo dute uztailaren 14an Irun eta Hendaia arteko Avenida Zubian. “Gure Herria, Gure Koloreak, Gure Selekzioa” lelopean, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat lekutan. Orain, mugaldeko mobilizazioa egingo dute, uztailaren 14a frantziarren besta nazionala dela aprobetxatuta.

Giza katea Avenida Zubian luzatuko dute 17:00etan, eta jendeari parte hartzeko deia egin diote, “euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ikusarazteko”. Horretarako, Euskal Selekzioaren ikur zein elastikoekin hurbiltzeko eskatu dute.

Mobilizazioaren helburua argia da: “mundu osora zabaltzea hemen, mugaz gaindi, zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela, hizkuntza eta kultura propioa duena, bere buruaz harro dagoena”. Eragileek diotenez, “bada garaia euskal gizartearen gehiengo zabal baten nahia errespetatzeko, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren alde indarrak eta atxikimenduak batzeko eta oztopo, inposizio zein debekuen gainetik jauzi bat emateko”.

Iturria: Argia.eus

Irakurri jatorrizko albistea