
Aukeratu zure maila:
Albiste sinplea, A1 mailarako
Pete Ezkerra Perezek berakatz beltza egiten du. Duela hiru urte hasi zen. Lehenago baratzea egiten zuen. Berakatz beltza ezagutu zuen eta asko gustatu zitzaion.
Berakatz beltza egiteko berakatz zuria behar da. Berakatz zuria kamera batean sartzen da. Kamera horretan beroa eta hezetasuna daude. Berakatz zuria 20 edo 40 egun egoten da hor. Gero berakatz beltza ateratzen da.
Berakatz beltzak propietate onak ditu. Energia ematen du eta osasunerako ona da. Jendea pozik dago berakatz beltzarekin.
Pete Ezkerrak Gizaburuagan egiten du berakatz beltza. Berakatz beltza hauts bihurtzen du. Beste produktu batzuk ere egiten ditu.
Orain arte Kordobako berakatz ekologikoa erabili du. Baina orain berak berakatz ekologikoa ekoizten du. Berakatz beltza azoketan eta denda txikietan saltzen du.
Albiste erraza, A2 mailarako
Pete Ezkerra Perezek Daonaz proiektua sortu zuen duela hiru urte. Proiektu honetan berakatz beltza ekoizten du. Lurrarekiko interesa aspalditik dauka. 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro bat egin zuen. Geroztik baratzea egiten eta gauzak lantzen aritu da.
Garai hartan berakatz beltza ezagutu zuen. Bere propietateekin harrituta geratu zen. Berakatz beltza egiteko aukera izan zuenean pausoa eman zuen.
Berakatz beltza egiteko betiko berakatz zuria erabiltzen da. Eraldaketa prozesua “Maillard erreakzioa” da. Berakatz zuria kamera batean sartzen da. Kamera horretan tenperatura beroa eta hezetasun handia daude. 20 eta 40 egun artean uzten da hor.
Azukreek aminoazidoekin erreakzionatzen dute. Berakatzari zapore, usain eta kolore berria ematen diote. Pixkanaka belzten da berakatza. Testura koipetsua hartzen du.
Berakatzak propietate onak baditu, berakatz beltzak propietate horiek biderkatuta ditu. Gorputzari energia ematen dio. Odoleko parametroak erregulatzen ditu. Osasunerako onuragarria da.
Gizaburuagan eraldaketa gunea dauka. Bertan egiten ditu ekoizpenak. Berakatz beltza egiten du. Baita lehortuta hauts bihurtu ere. Produktu gehiago ere egiten ditu.
Orain arte Kordobako ekoizle ekologiko bati erosi dio berakatza. Baina, azken urteetan negutegiak jarri ditu ekoizpenari ekiteko. Faltzesko berakatz ekoizle batekin harremanetan dago.
Azoketan, kontsumitzaileen kooperatibetan, ekodendetan eta antzeko denda txikietan du salgai produktua. Ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren zirkuituak bultzatzea da bere asmoa.
B1 mailarako egokitutako berria
Duela hiru urte sortu zuen Pete Ezkerra Perezek Daonaz proiektua. Proiektu honetan berakatz beltza ekoizten du. “Lurrarekiko interesa aspalditik datorkit. 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro intentsiboa egin nuen, eta geroztik hor ari nintzen baratzea egiten eta nire gauzak lantzen”, azaldu du. Ikastaroa egin zuen garai bertsuan ezagutu zuen berakatz beltza bizkaitarrak, erdi kasualitatez, eta txundituta gelditu zen bere propietateekin.
Betiko berakatz zuria dago berakatz beltzaren jatorrian. Eraldaketa prozesuari askotan “fermentazio” deitzen bazaio ere, benetan “Maillard erreakzioaren” bidez eskuratzen da berakatz beltza. “Hartzidura kamera batean sartzen da, kamera horretan tenperatura beroa eta hezetasun handia daude, eta tamainaren eta barietatearen arabera, 20 eta 40 egun artean utzi behar da hor”, azaldu du ekoizleak. Azukreek aminoazidoekin erreakzionatzen dute berotze prozesu horretan, berakatzari zapore, usain eta kolore berria emanez. “Pixkanaka belzten da berakatza, eta testura koipetsua hartzen du”.
Berakatzak berez propietate onak baditu, berakatz beltzak propietate horiek biderkatuta dituela azaldu du ekoizleak. Gorputzari energia emateko, odoleko parametroak erregulatzeko eta osasunerako onuragarria da. “Berakatz baltza egiten hasi nintzenetik jendea datorkit esanez ez dakiela zer den, baina oso gustura dagoela, indar handiagoa eta burua argiago sumatzen dituela”, gaineratu du.
Gizaburuagan (Bizkaia) dauka Ezkerrak eraldaketa gunea, eta bertan egiten ditu ekoizpenak. Berakatz beltza bere horretan egiten du, baina baita lehortuta hauts bihurtu ere. “Zuri-beltz deitzen diogun hautsa ere egiten dut, berakatz zuri eta beltza lehortuta, eta Beragatz deitu diogun produktua ere bai, berakatz beltza eta Nafarroako Jaizko gatza nahasita”, dio.
Orain arte Kordobako (Espainiako Estatua) ekoizle ekologiko bati erosi dio berakatza Ezkerrak, eta eraldaketaz soilik arduratu da bera. Baina, azken urteetan negutegiak ere jarri ditu ekoizpenari ekiteko. “Negutegi horretan probak egiten ari naiz, baina momentuz ez da erraza izaten ari berakatz beltza egiteko tamaina eta kalitate egokiko produktua lortzea”. Bestetik, Faltzesko (Nafarroa) berakatz ekoizle batekin ere harremanetan dago bizkaitarra, bere produktuarekin lanean hasteko probak egiten.
Azoketan, kontsumitzaileen kooperatibetan, ekodendetan eta antzeko denda txikietan du salgai produktua. “Ekoizpen eta kontsumo ekologikoaren zirkuituak bultzatzea da nire asmoa, filosofia horrekin ari naiz lanean, eta batik bat horrelako espazioetan mugitzen dut produktua”, amaitu du.
