
Aukeratu zure maila:
Albiste sinplea, A1 mailarako
Uxue Alberdi idazleak liburu bat egin zuen heriotzari buruz. Liburuak galderak egiten ditu: “Izarretan dauden hilak itzali egiten al dira goizetan?”. Liburuak pentsatzera bultzatzen du.
Heriotzak mina ematen du. Baina mina ez da beti heriotzagatik. Pertsona bat galtzeak edo leku bat uzteak mina ematen du.
Alaine Agirre idazleak liburu bat egin zuen doluari buruz. Dolua da mina sentitzea. Minak denbora asko iraun dezake.
Urtzi Ugalde idazleak liburu bat egin zuen amari buruz. Amak minbizia zuen. Ugaldek liburua opari bat egin zion amari. Liburuan amari buruz hitz egin zuen. Amak hil baino lehenago irakurri zuen liburua.
Albiste erraza, A2 mailarako
Uxue Alberdi idazleak eta Araiz Mesanza ilustratzaileak liburu bat argitaratu zuten 2021ean. Liburuak heriotzari buruz hitz egiten du eta galdera asko egiten ditu: “Izarretan dauden hilak itzali egiten al dira goizetan? Zeruan daudenak ez al dira erortzen?”. Liburuaren helburua gogoeta egitea da, ez erantzunak ematea.
Heriotzak dolua eragiten du. Doluak ez du zertan heriotza bati lotuta egon. Adibidez, bular baten galera, etxez aldatzea edo guraso izatea ere dolu prozesu bat izan daitezke.
Alaine Agirre idazleak dolua definitzen du: “Dolua da minak atzera zu hartzea, zu harritzea, zu harrapatzea”. Urtzi Ugalde idazleak Ama artefaktua liburua argitaratu du. Bertan, amari minbizia diagnostikatu ziotenean egindako oparia kontatzen du. Liburua opari intimo bat izan zen. Ugaldek inguru hurbilarekin oparia partekatzeko beharra sentitu zuen. Liburua terapeutikoa eta askatzailea izan da berarentzat.
B1 mailarako egokitutako berria
Uxue Alberdi idazleak eta Araiz Mesanza ilustratzaileak Hili liburua argitaratu zuten 2021ean. Liburu honek heriotza du hizpide eta galdera ugari planteatzen ditu: “Izarretan dauden hilak itzali egiten al dira goizetan? Zeruan daudenak ez al dira erortzen?”. Liburuaren helburua gogoeta bultzatzea da, eta ez erantzunak ematea.
Heriotzak dolua dakar, baina doluak ez du zertan heriotza bati lotuta egon. Bular baten galerak, hiriz aldatzeak, gurasotasunak eta bestek ere eragin dezakete dolu prozesua. Alaine Agirre idazleak dolu perinatalaz hitz egiten du Karena eleberrian. Bertan, dolua definitzen du: “Dolua da pasatzen ari dela iruditzen zaizunean minak atzera zu hartzea, zu harritzea, zu harrapatzea”.
Urtzi Ugalde, Ilargi Arrizabalaga eta Uxue Juarez sortzaileen ustez, antzekotasunak egon daitezke sormen eta dolu prozesuetan. Ugaldek Ama artefaktua liburua argitaratu du, eta bertan, amari minbizia diagnostikatu ziotenean egindako oparia kontatzen du. Liburua opari intimo bat izan zen, eta etxera ekartzen ez zituzten gaiak agertzen dira. Ugaldek inguru hurbilarekin oparia partekatzeko beharra sentitu zuen. QR kode bat jarri zuen jendeak iruzkinak uzteko. Jendeak flipatzen zuen, eta batzuek kritika politak bidali zizkioten. Ikusten hasi zen agian besteentzat ere lagungarria izan zitekeela.
2024ko uztailean hiru eta hamabi hilabete arteko bizi-itxaropena eman zioten Ugalderen amari. 2024ko abenduan zendu zen. Data bat izatea oso gogorra izan daiteke, baina agurra planifikatzeko eta gauzak ondo eta era ordenatuan egiteko aukera ere ematen dizu. Edo, behintzat, saiatzeko eta ez geratzeko hitz egin gabeko gauzarik. Bizitzako beste etapa batzuetan izan ez dugun lotura bat sortu zen.
Liburua ama “infinitu” eta “betierekoa” bihurtzeko modua izan dela sentitzen du. Gaineratu du terapeutikoa eta askatzailea ere izan dela, barrutik ateratako zerbait.
