
Iturria: Argia.eus 📷 Hiru udaltzain kaleko saltzaile bat mendean hartzen. (Adaxka kultur elkartea)
Aukeratu zure maila:
Albiste sinplea, A1 mailarako
Bilboko Udaltzaingoak mantero bat atxilotu du astelehenean. Hainbat patruila joan dira Somera kalera. Adaxka kultur elkartearen parean izan da atxiloketa.
Adaxka elkarteak bideo bat zabaldu du. Bideoan hiru udaltzain ageri dira. Lurrean dagoen gizon bat mendean hartzen ari dira. Inguruan beste polizia batzuk daude. Horietako bat kaleko saltzailearen materiala erretiratzen ari da.
Ortzegunean elkarretaratzea egingo dute. Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole kolektiboek antolatu dute protesta. 19:00etan izango da, Zamudioko Atean. Manteroen aurkako Poliziaren jokabideen bidegabekeria eta indarkeria salatu nahi dituzte.
Adaxka kultur elkarteak dio Poliziak lehen ere izan dituela tankerako portaerak. Bilboko Udalaren udako operazioak dira. Bezero eta bizilagunen jarrera txalotzekoa izan da. Adaxka babesgunea izango da beti. Babes osoa helarazi nahi diote atxilotuari.
Albiste erraza, A2 mailarako
Bilboko Udaltzaingoak mantero bat atxilotu du astelehenean. Hainbat patruila joan dira Somera kalera, Adaxka kultur elkartearen parera. Adaxkak atxiloketaren uneko bideo bat zabaldu du. Hiru udaltzain ageri dira egoitzako atarian, lurrean dagoen gizon bat mendean hartzen. Inguruan bertze polizia batzuk daude. Horietako bat kaleko saltzaileak salgai zuen materiala erretiratzen ikus daiteke.
Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole kolektiboek elkarretaratzea egingo dute ortzegunean. Protesta Zamudioko Atean izango da, 19:00etan. “Manteroen aurkako Poliziaren jokabideen bidegabekeria eta indarkeria salatu nahi ditugu”, adierazi du Manteroekin Bat plataformak.
Adaxka kultur elkarteak gogoratu du Poliziak lehendik ere izan dituela tankerako portaerak. Ingurukoen elkartasuna goraipatu egin dute: “Bezero eta bizilagunen jarrera txalotzekoa izan da”. Adaxkak babes osoa helarazi nahi dio atxilotuari.
Manteroek ohartarazi dute Aste Nagusia “puntu beroa” izaten dela. “Jaiak hasi baino astebete lehenago jada Polizia manteroekin arazoak bilatzen aritzen da, eta festak iraun bitartean egoera txarra izaten da”.
B1 mailarako egokitutako berria
Bilboko Aste Nagusia laster hasiko da, baina Alde Zaharrean ez dago festa giroa. Poliziak kaleko saltzaileei jazartzen die. Saltzaileek esan zuten Aste Nagusia “puntu beroa” izaten dela: “Jaiak hasi baino astebete lehenago, Polizia kale saltzaileekin arazoak bilatzen aritzen da, eta festak iraun bitartean egoera txarra izaten da”.
Aurten, Poliziak kale saltzaile bat atxilotu du Aste Nagusia hasi baino hamabi egun lehenago. Atxiloketa Somera kalean izan da, Adaxka kultur elkartearen parean. Elkarte horrek bideo bat zabaldu du: hiru udaltzain ageri dira egoitzako atarian, lurrean dagoen gizon bat mendean hartzen. Inguruan bertze polizia batzuk daude, eta horietako bat kaleko saltzaileak salgai zuen materiala erretiratzen ikus daiteke.
Ortzegunean elkarretaratzea egingo dute Bizirautea ez da delitua! Utzi manteroak bakean! lelopean. Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole kolektiboek antolatu dute protesta: 19:00etan, Zamudioko Atean. “Manteroen aurkako Poliziaren jokabideen bidegabekeria eta indarkeria salatu nahi ditugu”, adierazi du Manteroekin Bat plataformak.
Adaxka kultur elkarteak gogoratu du Poliziak lehendik ere izan dituela tankerako portaerak. Ingurukoen elkartasuna, berriz, goraipatu egin dute: “Bezero eta bizilagunen jarrera txalotzekoa izan da. Adaxka babesgunea izango da beti, eta babes osoa helarazi nahi diogu atxilotuari”.
