
Iturria: Argia.eus 📷 Athletic
Aukeratu zure maila:
Albiste sinplea, A1 mailarako
UPN alderdiko lehendakariak gutun bat bidali dio Espainiako Futbol Federazioari. Cristina Ibarrola da lehendakaria. Gutunean eskatu dio ez baimentzeko Athletic-en elastiko berria.
Elastikoak Euskal Herriko mapa txiki bat dauka bizkarrean. Ikurrinak estaltzen du mapa. Honek haserrea sortu du UPN alderdian. Ibarrolak gutunak bidali dizkie Athletic-eko lehendakariari eta Nafarroako lehendakariari ere.
Ibarrolak esan du elastikoaren zazpi marrek Euskal Herriko zazpi lurraldeak ordezkatzen dituztela. Mapa eta ikurrina izaera politikoa dutela uste du. Nafarroako errealitatea ez dela islatzen dio.
Futbol arauak dio jokalarien jantziek ezin dutela izaera politikoa izan. Ibarrolak uste du elastiko honek ez duela araua betetzen. Horregatik, eskatu dio Espainiako futbol federazioari neurriak hartzeko.
UPNk esan du auzitegietara joko duela Athletic-ek elastiko honekin jarraitzen badu.
Albiste erraza, A2 mailarako
UPNko lehendakariak gutuna bidali dio Espainiako Futbol Federazioari. Cristina Ibarrola da lehendakaria. Gutunean eskatu dio ez baimentzeko Athleticen elastiko berria.
Athleticek elastiko berria aurkeztu du. Bizkarrean Euskal Herriko mapa txiki bat dauka. Mapa ikurrinak estaltzen du. Honek haserrea sortu du UPNn.
Cristina Ibarrolak gutuna bidali die beste batzuei ere. Jon Uriarte Athleticeko lehendakariari eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariari bidali die. Guztiei esan die haserretuta dagoela.
Espainiako futbol federazioari bidalitako gutunean, Ibarrolak esan du Athleticek publikoki esan duela elastikoaren zazpi marrek Euskal Herriko zazpi lurraldeak ordezkatzen dituztela. Mapak eta ikurrinak izaera politikoa dute, Ibarrolaren ustez.
Ibarrolak esan du futbolaren arauak dioela jokalarien jantziek ez dituztela eraman behar izaera politikoa duten irudirik edo mezurik. Athleticeko elastikoak ez du hori betetzen.
Horregatik, Ibarrolak eskatu dio Espainiako futbol federazioari ez uzteko Athletici elastiko hori erabiltzen. Chiviteri ere eskatu dio laguntzeko.
Athleticek elastiko horrekin jarraitzen badu, UPNk auzitegietara joko du.
B1 mailarako egokitutako berria
Cristina Ibarrola UPNko lehendakariak gutun bat bidali dio Espainiako Futbol Federazioko lehendakariari. Gutunean, Ibarrolak eskatu dio ez dezala baimendu Athleticen datorren denboraldiko elastikoa. Elastiko horrek Euskal Herriko mapa txiki bat dauka bizkarrean, eta ikurrinak estaltzen du mapa hori.
UPNko buruzagiak esan du elastiko hori iraintzat eta begirune faltaren adierazletzat hartzen duela. Ibarrolaren ustez, mapa eta ikurrina horiek izaera politikoa, identitarioa eta instituzional eztabaidagarria jasotzen dituzte. Gainera, esan du Nafarroako Foru Erkidegoa bere egungo errealitatearekiko arrotza den lurralde ikuspegian islatzen dutela.
Ibarrolak gogorarazi du IFAB Nazioarteko Futbol Elkarteen Batzordeak finkatzen duela jokalarien jantziek ez dituztela eraman behar “izaera politikoa, erlijiosoa eta pertsonala duten irudirik edo mezurik”. Horregatik, eskatu dio Espainiako futbol federazioari jar ditzala abian beharrezkoak diren neurriak Athleticek 2026-2027an ez dezan elastiko hori erabili Espainiako futbol txapelketetan.
UPNko lehendakariak ere eskatu dio Maria Chivite lehendakariari eman ditzala eman beharreko pausoak, “nazio mailako eta nazioarteko itzala duen Athletic moduko klub batek Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate politikoa, administratiboa eta instituzionala errespeta dezan”.
Ibarrolak iragarri du Athleticek elastiko horrekin jarraitzen badu aurrera, UPNk auzitegietara joko duela.
